Eusko Jaurlaritzak Aldaia mendien eta Zadorrako urtegien Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) proiektuak aurkeztu ditu

23/12/2014

Europako Batzordeak bi-biak aukeratu zituen Natura Sarea 2000n sartzeko, Eskualde Biogeografiko Atlantikoan, hain zuzen
Amaia Barredo: «Horrela, eremu biotako fauna, flora eta baso aberastasunaren kontserbazioa bermatuta egongo da»
 
Aldaia mendien eta Zadorrako urtegien (Araban biak) Kontserbazio Bereziko Eremuen proiektuaren informazio publikoa egingo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bihar, hilak 24, argitaratu ondotik. Informazio publikoaren epea otsailaren 24ra arte luzatuko da, ahalik eta eragile gehienek parte hartu dezan. Natura Sarea 2000ko eremuak dira biak ala biak eta baso zein fauna aberastasun nabarmena dute.

 Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok zehaztu duenez, «Aldaiako mendien KBEak 1.095 hektareako azalera du eta Barrundia udalerrian kokatuta dago, Lautadaren iparraldean, Zadorra eta Barrundia ibaien artean. Zadorrako sistemaren urtegien KBE Lautadaren erdialdean eta iparraldean dago kokatuta, Gasteiztik 15 kilometrora. Zadorraren sistemaren sare hidrografikoa hiru urtegi barne hartzen ditu: Uribarri-Ganboa (147 Hm3), Urrunaga (Santa Engrazia) (72 Hm3) eta Albina (6 Hm3), baina azken hori ez dago Zadorraren sistemaren urtegien KBEn».

 «Egun –azaldu du Amaia Barredok– Aldaia mendiak erkameztiz estalita dago lurzoru-garapen handieneko eremuetan; esaterako, Natura Sarea 2000ren iparreko mendi-hegalean. Hegoko hegalean, berriz, garrigak daude. Baso horiek EBren intereseko habitatak dira, hala nola Aldaia mendietako berezko landaredia, baina, giza jardueraren ondorioz, eremuetako batzuk bazkaleku eta sasitza bihurtu dira. Eraldatu ez diren eremuak kontserbazio egoera txarrean daude, baina oneratzeko itxaropen handia dago».

 Tamaina handi samarreko erkamezti lepatu unadak daudenez, pentsatzekoa da baso helduetan ohikoak diren espezieak hartuko dituztela, baso heldu izan ez arren. «Izan ere, EBren intereseko koleoptero espezie batzuk daude, Osmoderma eremita, kasu. Koleoptero saproxiliko honek hiru kokagune ditu Euskadin, Aldaia mendiak dira horietako bat. Era berean, bertan bizi den fauna ornoduna ere aipagarria da», zehaztu du Barredok. Horiek dira, hain juxtu, eremua Natura Sarean 2000n sartzea eragin duten arrazoiak. Hala, Europako Batzordeak Garrantzi Komunitarioko Lekuen zerrendan sartu zuen, Eskualde Biogeografiko Atlantikoan, hain zuzen ere. Eremuaren azaleraren % 93,5 titulartasun publikokoa da.

 Urtegiak

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendariaren arabera, «Zadorraren sistemaren urtegiak balio handiko ekosistema dira, hala nola Euskadiko barnealdeko hezegune nagusietako bat, eta hegazti urtarrek bertan igarotzen dute negua eta bertan ugaltzen dira. Gainera, hegaztien migrazio-bidean leku garrantzitsua da, espezie askoren atseden lekua eta bazkalekua denez. Bestalde, senadietan eta ur-isatsen hondoetan landaredia urtarrak mosaiko aberatsa eratzen du, bitxiagatik interesgarriak diren espezieak daudenez».

 KBE osatzen duten bi urtegien flora-aniztasun handia dute eta nabarmentzekoak dira hidrofitoek eta urpeko landareek sakonera gutxiko eremuetan eta ertzetan eratzen dituzten «belardi flotatzaile» handiak, nagusiki, Uribarri-Ganboan. Azken hori babesleku bikaina da Najas minor landarearentzat, hain gutxitan topa daitekeena Iberiar penintsulako hezeguneetan eta kokagune batzuetan desagertuta edo desagertzeko arrisku larrian dagoena.

 Zadorrako urtegien KBE izango deneko hegaztiei dagokienez, besteak beste, lezkari karratxina, ahate mokozabala, basahatea, koartza gorria, txori zezen arrunta, zikoina zuriak eta beltzak, mirotza, miru gorria, txilinporta lepabeltza eta hegabera aipatu behar dira.  Era berean, igarabak eta europar bisoiak daude. Zadorraren sistemaren urtegien KBE ia osoa Araban dago (% 98). Gainerakoa, (% 2) Bizkaian.

http://www.irekia.euskadi.net/

Ahateak Ullibarri Ganboan (M.Arrazola/EJ Argazkia) Fuente: Irekia

Ingurune-Gaurkotasuna

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies