Gasteizek lortu du Udalsarea21en “Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarriaren Saria”

18/01/2018

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

Tolosa, Legazpi, Durango eta Amurriok ere aitortza lortu dute, aipamen bereziak jasota.

Arriola sailburuak nabarmendu du toki-erakundeek gizartearen eraldaketan jokatzen duten rol protagonista, eta bizi-eredu jasangarriago bat ezartzeko duten ahalmena azpimarratu du.

 

Gasteizko Udalak lortu du Udalsarea 21 euskal udalerrien sareak sustatzen duen “Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarriaren Saria”, "jasangarritasunaren inguruko ikuspegi estrategikoa duen administrazio publiko bat izateagatik, bere politikak zeharkakotasunez eta modu koordinatuan gauzatzeko duen ahalmen handiagatik, eta herritarrak politika horien ezinbesteko alderdi gisa inplikatzeagatik". Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak saria eman dio Gasteizko alkateorde Itziar Gonzalori, gaur goizean Arabako hiriburuko Europa Batzar Jauregian egindako ekitaldi batean; bertan, Tolosa, Legazpi, Durango eta Amurrioko udalerriek aipamen berezi bana jaso dute, aitortza gisa.

Gasteizek lortu du aitortza hau bere jasangarritasun-politiken kalitatea TAK21 neurketa-sistemaren bitartez ebaluatu ondoren; sistema hori Udalsarea21ek bultzatzen du, Euskadiko udalerrietako bizi-kalitatea hobetzeko xedez. Ebaluazio-prozesu hori 41 udalerri eta toki-erakundetan gauzatu da, guztira, eta Arabako hiriburua izan da puntuaziorik onena lortu duena metodologia horrek aztertzen dituen 5 faktoreetan: estrategia, operatibotasuna, zeharkakotasuna, parte-hartzea eta jasangarritasuna.

Saria banatzeko ekitaldian, Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du toki-erakundeek jokatzen duten rol protagonista “oraingo gizarteak behar duen eraldaketan"; halaber, gogora ekarri du "tokiko eta eskualdeetako gobernuek gobernu nazionalek baino arinago jarduteko duten ahalmena, gizarte-eredu jasangarriago eta erresilienteago bat ezartzeari begira”.

Euskadiko alkate ugari bertaratu direla aprobetxatuz, Arriolak azpimarratu du Euskal Adierazpenak proposatzen dituen printzipioak aplikatzeko beharra; izan ere, "Euskal Adierazpenak proposatzen dituen 10 helburuak politika publikoetan integratzeak ahalbidetuko du Europak eskatzen duen eraldaketa soziokultural, sozioekonomiko eta teknologikoa gauzatzea.

Aipamen bereziak

Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarriaren Sariaz gain, gaur goizean bost aipamen berezi ere eman dira, TAK21 ebaluazio-sistemak neurtzen dituen faktoreetan. Saritutakoak Tolosa, Legazpi, Durango, Amurrio eta Gasteizko udalerriak izan dira; horrenbestez, azken horrek aitortza bikoitza lortu du.

Amurrioko Udalak lortu duen aipamen bereziaren arrazoiak izan dira bai beraren ikuspegi estrategiko integrala eta bai jasangarritasun-politikak udalerri horretan abiatzerakoan izandako lidergoa. Amurrio nabarmentzen da jasangarritasuna bere politiketan irizpide gisa integratu duten Euskadiko lehenengo udalerrietako bat delako, hau da, alor horretan aurrendari delako.

Legazpiko Udalaren kasuan, aipamen berezi bat eman zaio udalerriko jasangarritasun-politiken plangintza eta gauzapenaren kalitateagatik. Zehazki, Gipuzkoako udalerri honek plangintza eta kudeaketaren eremuko tresna espezifikoak garatu eta txertatu ditu bere politikak gauzatzen laguntzeko eta Tokiko Ekintza Plana betetzeko, mugikortasunaren, erosketa eta kontratazio publiko berdearen eta kontsumo jasangarriaren alorretan, besteak beste.

Tolosako Udalak bigarren edizioz jarraian irabazi du aipamen berezi bat jasangarritasun-politikak abiatzera zuzendutako barneko egitura eta koordinazioagatik, “zeren udalerri aurreratuena baita bere pertsonalaren koordinazio eta inplikazio teknikoan”.

Durangori dagokionez, aipamen berezia lortu du, berriro, parte-hartze publikoa eta gardentasuna udalerrian sustatzeagatik; izan ere, “lortu du herritarrak eta eragile sozial eta ekonomikoak gero eta gehiago integratzea, herritarren parte-hartzerako kanal egonkorren bitartez, inplikazio tekniko eta politikoarekin”.

Bukatzeko, Gasteizko udalerriak aitortza bikoitza lortu du, zeren aipamen berezia ere lortu baitu jasangarritasunaren ardatzean, udalerriaren kalitatea ingurumen, gizarte eta ekonomiaren alorretan hobetzeagatik, “klima-aldaketa, elikadura-segurtasun, hondamendien arrisku eta gisa bereko ingurumen-erronkei ematen dien erantzunagatik, hiria “berdeagotuz” eta ekosistemetan eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuetan oinarritzen diren irtenbide naturalak aplikatuz.

Irekia

Ingurune-Gaurkotasuna

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies