0 Ingurumen Sailak Añanako gatz-harana zeharkatzeko ibilbide ekologiko baten eraikuntza finantzatuko du

18/12/2017

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

Arriola sailburuak eta Gatz Harana Fundazioak sinatutako hitzarmenari esker hiru urteren buruan zabalduko da ibilbide berria.

Sailak 450.000 euroko diru-laguntza emango du proiektua gauzatzeko.

Añanako Gatz Haranak ingurumen-ibilbide bat izango du 2019tik aurrera Ingurumen Sailak ibilbidea eraikitzeko hitzemandako diru-laguntzari esker, eta Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) oraintsu Munduko Nekazal Ondareko Sistema Integrala deklaratu duen gunea ikusteko aukera eskainiko du.  

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Añanako Gatz Harana Fundazioaren presidente eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek gaur izenpetu duten hitzarmenaren arabera, Sailak guztira 450.000 euroko, 2019ra arte urtean 150.000 euroko, diru-laguntza emateko konpromisoa hartu du proiektua gauzatzeko.

Gatz Haranaren ingurumen-balioak interpretatzeko ibilbide berria egiteko proiektua sortu zen, batez ere, Gatz Haraneko alderdi eta ezaugarri ekologikoak erakusteko beste ibilbide baten premia ikusita. Baina ez dira ahantzi behar orain dela 6.500 urtetik ustiatzen diren gatzagen inguru aberats eta anitza osatzen duten elementu kulturalak, historikoak eta arkeologikoak ere, guztien artean, natura eta kultura uztartuta, habitat paregabea osatzen baitute.

“Ibilbide berriarekin nabarmendu nahi da antzina-antzinatik nola uztartu izan diren Gatz Haranean gatza ustiatzeko giza jarduera, oreka ekologikoa eta inguru naturalarekiko errespetua”, adierazi du Iñaki Arriola sailburuak Gatz Harana Fundazioaren patronatuak egin duen bileraren ostean hitzarmena sinatzeko egin den ekitaldian. Arriolak azpimarratu duenez, “ibilbideari esker gatzaga gune osoa bisitatu ahal izango da orain arte inoiz egiterik izan ez den bezala, garai bateko bideak eta pasaguneak berreskuratuta”. Espiritu hori gogoan izanda, ingurumen-irizpideak zorrotz errespetatuz eraikiko da ibilbidea, eta material ekologikoak bakarrik erabiliko dira.  

Diputatu nagusiak benetan eskertu du Eusko Jaurlaritzak egindako apustua, “batez ere laguntza horri esker ingurua leheneratzeko urrats handia eman ahal izango delako”. “FAOren errekonozimenduak argi utzi du Gatz Harana nekazaritza-sistema aparta dela, baina garai bateko ustiatzaileak haranean zehar mugitzeko ibilbideak berreskuratu ahal izatea benetan garrantzizkoa da Arabako eskualde horretako arabarren jatorria ulertzeko”, erantsi du Ramiro Gonzálezek. 

Ibilbidea erreka ondoan eta larrainen azpitik

Gatz Haranak interpretazio-ibilbidea du bisitarientzat, batez ere gatzaren ekoizpena, jarduera eta historia erakusteko, eta guneko punturik interesgarrienak barne hartzen ditu. Baina ikusi da komeni dela beste ibilbide batekin osatzea, eta arreta bereziki gatzagen eta inguruaren ingurumen-balioetan eta dibertsitate ekologikoan eta biologikoan jartzea.  

Fundazioaren jarraibideen arabera planteatutako ibilbidearen zatirik handiena Suso ubidearen paraleloan joango da, eta goi-ibarraren inguruan lanerako eta bisita gidatuetarako ohiko ibilbidearekin lotuko da. Handik Muera errekaren ibilgura jaitsiko da eta, zeharkatu ondoren, beste ertzetik jarraituko du, eta zati batzuetan egurrezko habeez eutsitako lurrunketarako larrainen azpitik pasatuko da.

Proiektua hiru fasetan gauzatuko da. Zorua zabor-legarrekin egingo da, egurrezko aldamenak jarriko dira, eta haraneko gainerako lekuetan dagoenaren antzeko baranda bidearen kotaren eta ondoko lursailaren arteko aldea metro batetik gorakoa denean bakarrik jarriko da, edota ibai ertzean edo bisitarien segurtasunerako kontuan izan behar diren bestelako elementuen ondoan. Baranda eta eskudela pinu gorrizko zutoinekin egingo dira, eta bidea gutxienez 0,90 metro izango da zabalean, haranean egiten diren lanetarako makina laguntzaileak tarteka pasatu ahal izateko.

Irekia

Ingurune-Gaurkotasuna

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies