Guratrans: oso esperientzia positiboa, gure ibaien iraunkortasunean aurrera egiteko.

11/12/2014

http://www.irekia.euskadi.net/

“Oso esperientzia positiboa”. Hala baloratu dute GURATRANS proiektuko kideek partekatu egiten duten ura daramaten ibaien egoera ekologikoa hobetzeko elkarlanean egindako bi urteko lana.  Bidasoa eta Urdazuri ibaien arroetan egindako lanek (Nafarroaren eta Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoaren lurraldearen arteko zonaldea) eta Urumean eta Oria ibaiaren adarrak diren Araxes eta Leitzaran ibaietan egindakoek (Nafarroatik eta Gipuzkoatik pasatzen direnak) ur baliabideen kontrola eta baliabide horiei lotutako ekosistemen egoera hobetzeko balio izan dute.    

“GURATRANS proiektua abian jarri genuenean geure erronka zen muga administratiboetatik haratago lankidetzan aritzea gure ibaien kalitatea hobetzeko asmoarekin, ibaien jaiolekuetatik  hasi itsasoratzen diren lekuetaraino, eta urteetan gizakien jarduerek hondatutako ibai ekosistemak suspertzea lortzeko. Bi urte geroago, proiektu honi esker, lankidetza horren oinarriak finkatu eta ekintza batzuk garatu ditugu, eta jada hasi gara ekintza horien emaitza positiboak ikusten.

Horrela laburtu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoko zuzendari Ainhoa Iraolak GURATRANSen egindako elkarlanaren esperientzia, gaur Miramongo Teknologia Parkean proiektu amaierako mintegia inauguratzeko egin den ekitaldian. Iritzi berekoa izan da Uraren Euskal Agentziako Ekialdeko Kantuarialdeko Arroen Bulegoko zuzendari Jon Ander Arrieta bere adierazpenetan, zehazki hau esan duenean: “tokian bertan lan egin da uraren kalitatea zein arroen eta ibai ertzen egoera hobetzeko, eta horrek azkenean gure ur masek nabarmen hobera egitea ekarriko du”. Ibaiaren morfologiari berari zein bertan bizi diren espezie guztiei eragiten dien suspertze lana.

Proiektua lankidetzan zuzentzen duten kideek, hau da, HAZI Fundazioak, Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak (CRANA) eta Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoak, proiektua garatu duten bitartean elkarrekin egin diren ekintzen errepasoa egin dute eta mugaz gaindiko eta erregioz gaindiko lankidetzak planteatzen dituen erronka berriak aurreratu ditu. Erronka berri horietako batzuk hauek dira: espezie inbaditzaileak errotik desagerraraztea, arrain espeziak libre zirkulatzea oztopatzen duten hesi artifizialak kentzea edo uraren eskaera sozialaren kudeaketa.

URA Uraren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hartu dute parte, zeregin nabarmenarekin, Euskal Herriko ekintzetan funtsezko eragileak izan baitira, finantzaketa eta laguntza teknikoa emanda.

Inturia, Leitzaran ibaiaren iragana eta geroa

Proiektuaren baitan Euskadiko bazkideek (Gipuzkoako Foru Aldundia, URA eta HAZI) egin dituzten ekintzei dagokienez, Inturiako presaren eraisketa izan da handinahienetako bat, obraren tamainari begiratuta.  1,25 metroko altuera eta 60 metro zabalera duen hesi artifizial hori ez zen erabiltzen eta Leitzaran ibai arroan zegoen oztoporik garrantzitsuena zen. Presak, arrain espezie batek ere gainditu ezin zuenak, ibaiaren konektibotasuna eten eta populazioen tamaina mugatzen zuen.  Horrez gain, bere kontserbazioari lotutako hainbat arazo zituen, instalazioaren segurtasunari berari kalte egiten ziotenak.

Presak tamaina handia zuenez, eraisketa lau fasetan egitea erabaki zen, eta jada lau fasetako lehen biak eginda daude. Lana amaituta ez badago ere, ibaia ondo moldatu da lehen aldaketetara, eta hasi dira ibaiaren prozesu naturalak ezartzen.

Ubidea lehengoratzea, egurrezko egiturak erabilita

Proiektuko beste ekintza nabarmenetako batzuk Urumean ibaian egin dira (Pikoaga inguruan): Ibaiaren ubidea lehengoratzea, enbor eta harriekin egiturak eginez. 2011n Araxes ibaiaren Gipuzkoako zatian egindako antzeko esperientziaren emaitzek adierazten dutenez, honelako jarduerekin onura ekologikoak lortu daitezke arriskuak sortu gabe.

Zuhaitzak ibaietara erortzea prozesu naturala da eta habitat txikiak sorrarazten ditu, non ibaietako espezie batzuk, esaterako, amuarrainak edo haien janaria diren ornogabeak, babestu, elikatu edo ugaltzen diren.  Hainbat arrazoi direla eta, nagusiki arrisku hidraulikoak ekiditeko, gure ibaietan ubidera erortzen diren zuhaitzak denbora gutxira kentzen dira ubidetik. Egindako jarduketari esker prozesu natural hori erreproduzitu egin da segurtasun baldintzetan, enborrak ubidean finkatuta urak arrastatzea eta arazoak eragitea ekiditeko.

Erabilitako enborrak espezie inbaditzaileenak dira, esaterako itzaleko platanoak edo sasiakaziak, lanean jardun duten ibaiertzetan bertan hasten direnak. Horrela, bigarren helburu bat lortu da: bertakoen lekua hartu eta ingurumenean beste arazo batzuk eragiten dituzten espezie horien presentzia murriztea.

PROIEKTUAREN DATUAK

Izena: Pirinioetako mendebaldeko muturreko mugaz haraindiko ibaien tokiko kudeaketa eta kudeaketa parte-hartzailea

Akronimoa: GURATRANS

Aurrekontu osoa: 1.070.163,91€

FEDER funtsaren laguntza: 695.606,54€ (% 65) 

Iraupena: 30 hilabete

Hasiera-data: 2012ko uztailaren 1

Jarduera-esparrua: Bidasoa, Nivelle, Urumea, Araxes eta Leitzaran ibaiak

Bazkideak:

Uraren Euskal Agentzia-URA
Gipuzkoako Foru Aldundia
            Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako departamentua

            Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamentua

Uraren zerbitzua. Ingurumen eta Ur zuzendaritza nagusia. Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua
Adour-Garonne Uraren Agentzia

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies