Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno parte hartzen ari da Klima Ekintzaren Munduko Gailurrean, San Frantziskon

13/09/2018

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

  • Eusko Jaurlaritzak KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Euskal Estrategiaren betetze-maila ez ezik, Euskadin abian jarritako klima-aldaketaren arloko egokitzeko eta arintzeko ekintza zehatzak ere aurkeztuko ditu
  • Aldebiko bilerak ere finkatu dira Lonbardiako (Italia), Victoriako (Australia) Baden-Wurtemberg-eko (Alemania), Kaliforniako (Estatu Batuak) zein Gales eta Eskoziako (Erresuma Batua) buruekin, abenduan Polonian izango den COP24ri begirako eskualde-estrategia komunak partekatzeko

Klima Ekintzaren Munduko Gailurrean parte hartzen ari dira Eusko Jaurlaritzaren zenbait ordezkari atzotik San Frantziskon (AEB), Ingurumeneko sailburu Elena Moreno, haien buru. Kaliforniako Estatuak zuzendutako gailurrean estatu eta eskualdeetako 5.000 buru inguru bildu dira, bai eta mundu osoko enpresak, inbertitzaileak, erakunde zibilak zein herritarrak ere, klima-aldaketaren aurkako borrokan egoera nola aldatu den erakusteko eta estatuen eta eskualdeen artean konpromiso sakonagoak erdiesteko.


Urdaibairen esperientzia, lehen sektorea babestutako inguruneetan txertatzearen adibide gisa, besteak beste, ezagutaraziko dute, hain zuzen ere, eztabaida-mahaietako batean, non jorratuko baitute estatu azpiko gobernuek zer eginkizun betetzen duten Garapen jasangarrirako helburuak landa-inguruneetan eta hiri ingurukoetan betetzeko orduan. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak parte hartuko du mahai horretan.KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Euskal Estrategiaren barruan izandako aurrerapenak ez ezik, ekonomian ikatzaren erabilera gutxitzeko eta klima-aldaketara egokitu eta hura arintzeko Euskadin gauzatzen ari diren ekintza zehatz batzuk ere aurkeztuko ditu Eusko Jaurlaritzak. «Eusko Jaurlaritzako sail guztiek partekatzen duten tresna da KLIMA 2050, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta gure lurraldea horietara egokitzeko orain arte abian jarritako neurriak indartzeko eta beste batzuk hartzeko», nabarmendu du Ingurumeneko sailburuak.

Aldebiko bilerak ere aurreikusita daude Elena Moreno sailburuaren eta Lonbardiako (Italia), Victoriako (Australia), Baden-Wurtemberg-eko (Alemania), Kaliforniako (Estatu Batuak) zein Gales eta Eskoziako (Erresuma Batua) buruen artean, klima-aldaketaren arloko eskualde-estrategia komunak zehazteko, Klima-aldaketari buruzko NBEren 2018ko Konferentzia (COP24) prestatzeari begira; Katowicen (Polonia) egingo da konferentzia hori, abenduan.

«Klima-aldaketa ingurumen-erronka urgenteena da; gure mugak gainditzen dituen erronka bat, planetako eskualde eta estatu guztiei eragiten diguna. Adituen iritziz, Europako hegoaldea klima-aldaketaren zuzeneko ondorioen aurreko urrakortasun handiko eremua da (tenperatura-igoerak, uholdeak edo lehorteak, besteak beste)», adierazi du Elena Morenok. «Euskadin asmo handiko helburuak jarri ditugu, hala nola berotegi-efektuko gasen isuriak, klima-aldaketaren eragile direnak, % 40 gutxitzea 2030. urterako, eta karbono gutxiko energia-eredu bateranzko apustua; hala bada, 2050ean, energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren % 40 izatea erdietsi nahi dugu», gaineratu du.

Klima Ekintzaren Munduko Gailurrari buruzko informazio gehiago:http://tempuri.org/tempuri.html

Irekia

Ingurune-Gaurkotasuna

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies